XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Babesik gabeko egoeretan, berriz, eskumena duten agintarien betekizuna adingabearen tutoretza bere gain hartzea da.

Lege bilakaera horren bidez erantzuna ematen zaio azken urteotan adingabearen figurak jasan duen eraldaketari; izan ere, babesgai izatetik eskubideak dituen pertsona izatera igaro da. Eta eskubide horietako bat, hain zuzen ere, babesa jasotzea da, bere garapen pertsonala edota gizarte mailakoa kalte dezakeen edozein arrisku, edo babesik gabeko edozein egoeraren aurrean.

Euskal Autonomi Elkartearen Autonomi Estatutuak, bere 10.14 artikuluan, Autonomi Elkarteari atxikitzen dio adingabeak babesteko eta zaintzeko erakunde eta establezimenduen antolaketa, arautegia eta funtzionamenduaren eskumen esklusiboa.

Azaroaren 25eko 27/1983 Legea, Autonomi Elkarteko Erakunde Amankomunen eta Lurralde Historikoetako Foru Erakundeen arteko Harremanei buruzkoa, aplikatuz, eta Transferentzietarako Batzorde Mistoak hartutako erabakiaren bidez, Gipuzkoako Lurralde Historikoari eskualdatu zitzaizkion Adingabeak Babesteko, Zaintzeko eta Gizarteratzeko eginkizunak eta zerbitzuak, 1985eko ekainaren 20an hain justu, eta Adingabeak Babesteko Probintzi Batzarra 1985eko urriaren 5ean desegin zuten.

Alta bada, erreformaren ardura, erreforma-babesa bereizketa klasikoan, Eusko Jaurlaritzaren eskuetan geratu zen. Gainera, arlo honetan eskualdaturiko eskumena gauzatze eskumen hutsa dela azpimarratu behar da, Autonomi Elkarteak beretzat gordetzen duelarik lege eta arauetarako ahalmena.

Gauzak horrela, lurralde historiko honetan adingabeen babes eta tutoretza zerbitzuen ardura duen Herri Erakundea Gipuzkoako Foru Aldundia da, Gizartekintza Departamentuaren bidez burutzen duelarik eginkizun hau.

Bestalde, Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legeak (1996/11/12ko E.H.A.A.) Euskal Autonomi Elkarteko gizarte zerbitzuak arautzen ditu, gizarte zerbitzuen sare publikoa osatzen duten erakundeen eginkizun eta eskumenak zehaztuz.

Azkenik, lege-aldaketek adingabearen eskubideei aplikatutako ikuspegiaren proiekzio berria eskaintzen dutela adierazi behar da, haren, txikiaren nortasunaren erabateko onarpena baitakarte. Azken batean, adingabearen kontzeptzio berri bateranzko urratsak egin dira, eta ez soilik babeste lanaren gaitzat, baizik eta baita komunitateko partaide aktibotzat ere.